"Pertsona batek lehen aldiz paisaia bat ikustean sentitzen duena partekatzea bezalako une politagorik ez dago"
13:16AIURRI (2022-10-08)
Sei urte atzera Gurpiltrek by Kemen elkartea sortu zuten
IƱigo Guirado andoaindarrak eta Juanjo Garcia de Ana kideak. Ez gaitasunen bat
duten pertsonak mendira joatea errazten dute.
IƱigok,
Juanjok eta hainbat boluntariok joelette izeneko orgatila bat erabiltzen
dute gutxitasunen bat duten lagunak natura ingurunera eramateko. 30 bat lagun
eman dituzte, dagoeneko, sei urtetan, eta eskualdeko herritarrei eurekin
kontaktuan jartzeko deia egiten die: “Pertsona batek lehen aldiz paisaia bat
ikustean sentitzen duena partekatzea bezalako une politagorik ez dago”, dio
andoaindarrak.
Nola sortu zen
Gurpiltrek by Kemen ekimena?
Juango
Garcia de Ana kideak eta biok Aspace elkartean egiten dugu lan, garun paralisia
edo antzekoak dituzten lagunekin. Mendizaleak ere bagara, eta, guri gustatzen
zaigunez, ez gaitasunak dituztenei ere agian mendira joatea gustatuko zitzaiela
pentsatu genuen. Makina edo erreminta baten faltagatik mendira joan ezinik
zeudenei bitartekoak eskaintzea pentsatu genuen, erraztasunak ematea.
Nola?
Bada,
itsuentzako norabide barra batekin, hiru metrokoa, eta gutxitasun fisikoa
dutenentzako joelette izena
duen tramankulu batekin. Ez gaitasunen bat dutenak mendira eramateko erabiltzen
den aulki edo orgatila berezia da. Frantzian sortu zuten, 30 urte atzera, eta
oso baliagarria da guretzat. Aurrean eta atzean halako lotune batzuk ditu.
Gorantz aurrekoak egiten du tira, atzealdean dagoenak orekatu, eta tramankulua
arrastaka ematen da. Maldan behera, alderantziz gertatzen da: aurrekoak
mantsotu, eta atzekoak oreka eta indarra eman.
Sei urte dira,
dagoeneko, ekimena sortu zenutela.
Bai.
Juanjok eta biok halako aukera sortzea posible izan behar zuela pentsatu
genuen. Sarean begiratzen hasi ginen, non eta nola egiten ziren ikastaroak, non
erosten zen materiala. Informazioa lortuta, dena idatzizko proiektu batean jaso
genuen. Bitartekoa falta genuen, eta Gipuzkoako Kirol Egokituko federaziora jo
genuen. Han Kemen erakundera bideratu gintuzten, kirol egokitua bultzatzen
duena. Haiekin hitz egin genuen, eta piezak elkar lotzen joan ziren puzzle bat
bailiran. Beraiek lanabesak eman zizkiguten, eta proiektua martxan hasi zen.
Errazak izan al
ziren atariko horiek?
Beno,
aintzat hartu behar da administrazio mailan-eta burokrazia handi samarra dela,
eta geuk garbi genuen ez genuela lan hori bizkar gain hartuko. Kemen-ek hartu
zuen ardura hori. Aseguruen lana ere ez zen erraza izan, ez gaitasun baten aurrean
aseguru etxeek ez dutelako erraztasunik ematen. Hainbat erakunderekin hitz egin
genuen, bitartekaritza eskatu beste elkarte autonomoetako federazioekin, eta
horrek aseguruen tramitea erraztu zuen. Behin asegurua eginda, aurrera egin
genuen.
Nolakoa izan lehen
irteera?
Aiako
Harrira egin genuen, Irumugarrieta gailurrera, hain zuzen ere (lehen gailurra
Elurretxeko Lepotik abiatuta). Gutxitasunik ez daukan edonorentzat irteera
erraza dirudi, baina gurpildun aulki batekin joaten bazara benetako aldapa bat
zer den jabetzen zara azkar. Astakilo samarrak izan ginen, egia esan. Gaur
bertara bueltatuko ote ginen ez dakit, arriskutsu samarra izan daitekeelako.
Zein da zuen
prozedura, nola antolatzen duzue irteera?
Irteera
aurretik lan handia dago. Interesa duenak harremanetan jartzen da gurekin geure
edo Kemen-en web gunearen bitartez, eta ondoren pertsona ezagutzen saiatzen
gara (gurpiltrek.blogspot.com atarikoan
edo www.kemen.org web gunean
eman daiteke izena).
Batez
ere, zer egin nahi duen jakiteko elkartzen gara aurrez aurre pertsonarekin. Guk
asmo edo ideia bat izan dezakegulako, baina pertsona horrek beste asmoren bat.
Pertsona ezagutzen dugu, zein gaitasun duen jakin. Agian garun paralisia dauka,
baina bere gorputza tente mantentzeko gai da. Hitz egiteko gai izan daiteke,
edo gustura dagoen jakiteko irribarre bat egin. Xehetasun garrantzitsuak dira,
gure jarduna egoki egiten ari garen edo ez jakiteko. Lehen kontaktu horretan
gauza asko jakiten ditugu: pisua, mendian gora ezker edo eskuinera egiteko
joera duen, orgatila orekatzeko, eta arnesa eta sokak non eta nola jarri
jakiteko. Ondoren etortzen da galdera garrantzitsuena: ze mendira joan nahi
duen galdetzen diogu, norekin eta nola. Dena. Eta posible den aztertzen dugu.
0 Comentario